Dabilen harriari ez lizun,
ez hauts ta ez goroldio...
Entzunak esan, esanak entzun,
ahoz-ahoak zer dio?
Zauri ta gerra, traizio, gezur,
gorroto ta amodio...
Letra larrien Historia bat,
mila hitzezko istorio.

Hitza haizeak darama eta
hitza lainoa da dena...
‘Lainoa’ baino egiago al da
lainoen deskribapena?

Ta lainoen errekak
mendietan behera...
Esperientzia iragan
baten kontaera.
Tinta da agintea
lege da papera.
Hitz guztiek ez
dute balio berbera.

+

Ahorik aho hemen
bertso zaharrak dabiltz,
pasarte bakarraren
kontaketa anitz...
Egiaz egiten du
euren ahotsak hitz
Egiazkoagoa
idatzia balitz.

Bada bizipena ta
bada kontagaia
ezin pasa duena
urteen galbahia.
Entzute gogorretan
sartu ez den laia.
Ahotsak mudatzen du
hitzen esanahia.

+

Mutu geratu diren
zenbat pasarte hits,
isilarazitako
bortxa saio bortitz...
Nahiz sinesgarri egin
euren ahotsek hitz,
sinesgarriagoa
gizonena balitz.

Irabazleek idazten
dute memoria
errealitate-antz
fikzio joria,
odol gorria eta
gurutze horia.
Zure hizkuntzak ez daki
zer den Historia.

+

Moztu zizkioten ta
bere mihi ta mintz,
geroztik bere egiak
hotsik gabe dabiltz.
Gauza garrantzitsuez
bere ahotsak hitz...
Gararntzitsuagoa
gaztelera balitz.

Behetik eta gora
Kantuz ari gara...
Hango boteredeunen
urruti hartara
Arnasa ez da heltzen
ahots kordatara...
Zertarako kontatu
entzungo ez bada...

+

Goialdeetan bada
esne-mami ta bits
Esku zartatuetan
erreuma aldiz...
Entzuteko moduan
bere ahotsak hitz
entzungarriagoa
pobrea ez balitz

Errealitatea
hona iritxita
Nork ez du aldatu nahi
gutxika gutxika?
Hitzak hitz dira baina
hain dira bitxi ta...
esanahi bera al dute
begiak itxita?

+

Aniztasuna aipatzen
baita soinu haundiz
Zein ikuspuntutatik
eta nondik ariz?
Fidagarri beseteren
istorio ta hitz...
Fidagarriagoa
zuriago balitz.

Verso dedicado por Maialen Lujanbio al IV Seminario: Nuevos Enfoques de la Historia Oral: "Recordar el porvenir", Bilbao, 2018