1870 eta 1990 bitartean Espainiako gizarte modernoak izandako esperientzia ezagutu, eta esperientzia horrek genero-, klase- eta nazio-identitateak osatzeko izan duen garrantzia aztertzea da taldearen helburu nagusia. Identitate horiek ez ditugu objektu naturaltzat interpretatu, eta bai, ordea, gizakiek eraikitzeko modukotzat; halatan, beraz, historiagarri bihurtzeko aukera dugu. Hizkuntza-paradigmaren berrikusketa kritikoa da ikuspuntu epistemologikoaren abiapuntua, eta oroimenaren, identitatearen, gorputzaren eta emozioaren kontzeptuetan oinarritzen da, horixe hartu delako ikerketaren funtsezko tresneriatzat.

Modernitatea, edota modernoa, gure iritzian eta weberren ikuspegian oinarrituta, gizarte garaikideak bizi dituen arrazionalizazio- eta etsitze-fenomenoei loturiko kontua da. Horren ondorioak hainbat gizarte-esparrutan antzeman ditzakegu; dela Estatuaren antolaketan, dela sinesmen erlijiosoen jokaeran, dela giza subjektibotasunaren osaeran bertan. Gure lanaren helburu nagusia modernoaren muina zehaztera bideratuta dago, subjektuen esperientziaren ikuspegitik abiatuta. Baina gai hori -esperientzia- iheskorra da, eta beraren ondorioen bidez baino ezin diogu heldu.

Gure hipotesi nagusia zera da: desakralizazio- eta sekularizazio-prozesuek gizartea desorekatzen dutela, horien ondorioz gizartea osatzen duten elementuak (lana, ekonomia edo gizartea, femeninotasuna nahiz sexualitatea) ez direlako definizio egonkor bati lotuta ageri; hori horrela izanik, aldaketa erraztu eta errealitatearen eraldaketa proposatzen duten indarren eragina sendotu egiten da. Alabaina, hortik ez da ondorioztatu behar prozesu lineala eta kontraesanik gabea denik. Sekularizazio prozesuak elkarri lotuta daude. Hau da, elkarrengandik oso urrun dauden eremu batetik bestera mugitu, eta elkarri eragiten diote (adibidez, medikuntzan eta biologian izandako aldaketek nazio-eraikuntzari eragiten diote). Egitura baten, erdigunerik ez duen sare baten zati gisa jarduten dute, eta zatietako edozeinetan izandako aldaketek osotasunari eragiten diote. Hortik ondoriozta dezakegu kausalitatean oinarritutako gizarte-aldaketaren ikusmoldea ez dela egokia eta, hartara, gizarte-historiaren oinarrizko zutabeetako bat errefusatu, eta gizarte-historiaren eta gizarte-osteko historiaren artean gaur egungo historiografian dagoen eztabaida bizi-biziari egindako ekarpentzat jotzen dugu geure lana.

Gizarte-aldaketa eta horrek eragindako eztabaida guk “espekulazio-multzo” deitu diogun horien inguruan egiten dira: gizarte-eztabaida egituratzen duten multzoen adierazpideak. Espekulatu aipatzean, adierazpidearen nolakotasuna eta horrek errealitatearekiko sortzen den ispilu-harremana dugu aipagai, bai eta gizarte-borroka gertatzen den eremu bihurtzen direla ere. Multzo horiek elkarrizketarako eremuak dira; ez dira diskurtsoen ekintzara mugatzen -diskurtsoek esku-hartze aktiboa duten arren- eta emozioak mugiarazteko gaitasunak bereizten ditu, esperientzia hezurmamituak direlako.

Taldea, gaur egun zehaztuta dagoen gisa, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak 2002-2005 urteetan finantzatutako ikerketa-proiektuaren inguruan egituratu zen (BHA2002-03880: “Identitatearen eta desberdintasunaren eraikuntza historikoa Euskal Herrian: generoa, klasea eta nazionalitatea, 1876-1976). Egun taldea MICINN-en proiektu bat garatzen ari da 2019 urtearen bukaera arte (COD: HAR2016-78223-C2-1-P). Ikerketa-taldearen sendotasuna areago finkatu da EHUk Ikerketa Taldetzat aitortu ondoren, 2008tik gaur arte.

Jarduera historikoari heltzeko diziplina anitzeko ikuspegiaren ondorioz, hitzarmenak egin dira erakunde pribatuekin. Lankidetza horren adibideak jartzearren,  Ramón Rubial Fundazioarekin egindako Lankidetza Hitzarmena (2008az geroztik, eta urtero berrituta), “Euskadiko mugimendu sozialistaren kulturaren eta oroitzapenaren historiarako azterketak, ikerketak eta ekintzak garatzea” izenburuarekin; Euskadiko Sozialismoaren Dokumentazio Zentroa sortzea (http://www.ramonrubial.net/) eta Ramón Rubialen historia eta oroitzapena (http://www.ramonrubial.com/03_biografia.asp/ ) aipa daitezke. Gainera, taldeak AHOA oroitzapen historikoaren dokumentazioa sortzen lagundu du (Ahozko Historiaren Artxiboa, http://www.ahoaweb.org/.