Historia lizentziaduna da La Lagunako Unibertsitatean (ULL, Tenerife), ondoren Historia Garaikideko Unibertsitate-arteko Masterra egin du EHUn, eta bertan ari da gaur egun doktorego-tesia prestatzen Historia Garaikideko Programaren baitan, Homosexualidad y masculinidad normativa en el franquismo (1939-1976) («Homosexualitatea eta arauzko maskulinotasuna frankismo-aldian, 1939-1976») izeneko tesiarekin. 2015eko deialdian doktorego-aurreko kontratua lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, prestakuntzako ikertzaile gisa.

Beraren doktorego-ikerketako proiektuaren xedea zera da: identitate homosexualaren eraikuntza historikoa frankismo-aldian zehar, baina ez ikuspegi existentzialista batetik, homosexualitateak une bakoitzean eta diskurtso bakoitzean eskuratzen dituen esanahi sozialak aztertuz baizik. Lan horretan arreta egingo dio jardunbide judizialen bidez homosexualitatea kriminalizatzeko jardunari, bereziki Alfer eta Gaizkigileen Legearen ezarpenari erreparatuta. Aldi berean, ahozko lekukotasunak dira esperientzia homosexualari lotutako subjektibotasunak berreraikitzeko analisi-esparrurik berezienetako bat, batez ere ingurune herrikoietako adierazpenen alorrean.

Nerea Aresti tesiaren zuzendariak jorratutako proposamen historiografikoari jarraikiz, diktadura-garaian arauzko maskulinotasunaren ereduak eraikitzeko erabili ziren diskurtsoen azterketan zentratuko da lana. Zentzu horretan, helburua ez da izango arauzko maskulinotasunaren sakoneko azterketa burutzea eta bai, ordea, portaerak eta gorputzak bereizteko erabaki zen muga-lerroa: batetik, onargarritzat jo zituzten portaerak eta, bestetik, gorputzak eta sexuaren alorrean disidentetzat edo arbuiagarritzat kalifikatu zituztenak.

Esparru geografikoari dagokionez, Euskal Herriaren eta Kanariar Uharteen arteko azterketa konparatiboa egin nahi da, frankismo-aldian homosexualitatearen trataerak lurraldearen araberako genero- eta sexualitate-ereduen eragina izan ote zuen jakiteko.

Lanean, trebatu den unibertsitateetako tradizio teoriko-metodologikoak kritikoki konbinatuko ditu ikertzaileak. Besteak beste: diskurtsoak errealitatea esanahiz janzteko duen balioa azpimarratzea, azterketa postsozialak berrikustea eta gorputza eta emozioak esanahi historikoen ekoizpenean txertatzea, maskulinotasunak genero-ikuspegitik aztertzea, eta ahozko historia iraganean subjektibotasunak osatzeko azterketa-bidetzat ulertzea.

https://metaaprendizaje.academia.edu/D%C3%ADazD%C3%ADaz

Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.