Historiagilea. Gaur egun EHUko laguntzaile akademikoa da. Gradu-ondoko ikastaroak eman ditu Georgetown Universityn, Universidad Veracruzanan eta Habanako Unibertsitatean.

Ikerketa-ibilbidearen hasiera-hasieratik erreprodukzio sozialari lotutako gaietan ardaztu da, batez ere genero-ikuspegiari erreparatuta. Zehatzago, «lana» izan du azterlan nagusi, gizarte modernoetan subjektua definitzeko funtsezko instituzioa delakoan. Emakumeen lana eta lan horrek familien ongizateari egindako ekarpena aztertu duen ikerketa-ildoak oso emaitza berritzaileak ekarri ditu historia sozioekonomikoaren esparruan. Familien estrategiak eta ekonomiak ikuspegi horretatik landu izanaren ondorioz, familia barneko kontsumoan dagoen genero-etena lantzera iritsi da.

Fenomeno sozialen eta ekonomikoen izaera eta interpretazioa eraikitzeko hipotesiak ikertu ditu, kritika feministak gidatuta. Azpimarragarria da bera ikertzaile nagusia izan duen I+G+b proiektua: La reconstrucción de la actividad económica femenina en el País Vasco, 1825-1975 («Euskal Herriko emakumeen jarduera ekonomikoaren berreraikuntza») (2010-2012) eta Gender and Well-Being: Interaction between Work, family and Public Policies («Generoa eta ongizatea: lanaren, familiaren eta politika publikoen arteko elkarrekintza») (2005) europar proiektuan izan duen parte hartzea. Argitalpenei dagokienez, berriz, azpimarragarriak dira: Ganadores de pan y amas de casa: Otra mirada sobre la industrialización vasca («Ogi-irabazleak eta etxeko andreak: euskal industrializazioari buruzko beste begirada bat») (2004); Gender Inequalities Households and the Production of Well-Being in Modern Europe («Genero desberdintasunak: familiak eta ongizatearen ekoizpena Europa modernoan») (2010) (egilekidea); Trabajo, familia e Instituciones: producción y distribución de recursos para el bienestar. Siglos XVIII-XX («Lana, familia eta instituzioak: ongizaterako baliabideen ekoizpena eta banaketa») (2012) (egilekidea); Trabajo infantil y género en el País Vasco, 1825-1935 («Haurren lana eta generoa Euskal Herrian, 1825-1935») (2013) (egilekidea); Women´s Economic participation in the eve of Industrialization. Bizkaia, Spain, 1825 («Emakumeen partaidetza ekonomikoa industrializazioaren atarian. Bizkaia, Espainia, 1985»), Feminist Economics aldizkariaren 33. zenbakian (2014).

Emakumeen Historiaren Ikerketarako Espainiako Elkarteko lehendakaria izan da (2008-2010) eta zenbait liburu kolektibotan ere hartu du parte: Historia de las Mujeres en España y América Latina («Emakumeen historia Espainian eta Latinoamerikan») (2006); Las científicas sociales en España: una investigación-acción («Zientzialari sozialak Espainian: ikerketa-ekintza bat») (2007).

Gaur egun, XIX. eta XX. mendeko Kubako nazio-, genero- eta arraza-identitateen eraikuntzak erakartzen du. 1996tik 2000ra bitartean zuzendu zituen ikerketa-proiektuen emaitzen irakurketa berritzailea izan da horretarako abiapuntua. Honako hauek dira lan horiek, hain zuzen: Hogares, familias y comportamientos demográficos («Etxeak, familiak eta portaera demografikoak»), Matrimonio, cohabitación y familia en la Cuba colonial: color, condición y género ante las estrategias de supervivencia y movilidad social («Ezkontza, bizikidetza eta familia Kuba kolonialean: kolorea, maila eta generoa bizirauteko estrategietan eta mugikortasun sozialean»). Kubako nazioaren adierazpideari buruz 1868 eta 1899 bitartean jorratzen diren diskurtsoetan, antzemandako jokabide sozialen esanahia dago eztabaiden erdigunean. Hala, arraza- eta genero-identitateak, gorputzaren hermeneutika eta sexualitatea dira nazioaren gorputza eraikitzeari buruzko tentsio diskurtsibo eta emozionalak ulertzeko funtsezko tresnak. Elite kriolloek garatutako proiektuak maskulinotasun-eredu hegemonikoa dakar, eta nahitaez onartu behar da arrazen arteko anaitze-hitzarmena lortzeko. Argitalpenik berriena zera da: Body to Body with the Liberals: The Association Movement of the ‘Coloured Race’ in Cuba, 1878-1898 («Gorputza gorputzaren kontra liberalekin: “Kolorearen arraza” elkartearen mugimendua Kuban, 1878-1898»), Maria Sierrak argitaratutako liburuan: Enemies Within: Cultural Hierarchies and Liberal Political Models In The Hispanic World («Etsaiak barnean: kultura-hierarkiak eta politika-eredu liberalak mundu hispanoan») (2015).

Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.