Arte Ederretan lizentziaduna eta Historia Garaikideko graduondokoa Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun doktoregai ikertzailea da EHUko Arte eta Teknologia Sailean, eta Esperientzia Modernoa ikerketa-taldeko eta AHOAko —Ahozko Historiaren Artxiboa– kidea da.

Beraren ekintza-esparrua irudia osatzeko prozesuen azterketan kokatzen da, keinu teknikoen, gorputz-esperientziaren eta jarraibideen kontakizunaren harira, genero-ikuspegitik eta Walter Benjaminen narratzailearen kontzeptutik abiatuta.

Hainbat sari eta beka jaso ditu kultura-azterketaren eta komisariotzaren alorrean, besteak beste LaKarpinteria, Labore arte-egonaldia (DSS2016), Generaciones (2014), Caja Madrilek 2010ean emandako Inéditos saria, eta Montehermoso Kultura Zentroak 2009an emandako ikerkuntza-beka. Gainera, hainbat arte-eremu eta -zentrotan erakusketak egin ditu, hala nola Berlineko Cervantes Institutuan, Párraga Zentroan, Windsor Kulturgintzan, Nublen edota Bilboko Guggenheim Museoan. Aldi berean Virginia Villaplanarekin, Jon Mikel Eubarekin, Valentin Romarekin eta Esther Ferrerekin trebatu da tailerretan, besteak beste.

Komisario lana egin ohi du, eta artearen lan-prozesuei lotutako proiektuak jorratzen ditu nagusiki. Proposamen berrienen artean aipa daitezke mcm, Rui Horta Pereirarekin eta Claire de Santa Colomarekin; Principio de Arquímedes («Arkimedesen printzipioa»), Santiago Morilla eta Raúl Díaz Reyesekin; Oscuro y Salvaje («Iluna eta basatia»), La Casa Encendidan burututako (proiektu kuratoriala); eta Todo cuanto hicimos fue insuficiente («Egindako guztia ez zen nahikoa izan»).

Arte eszenikoen alorrean duen prestakuntzan eta jardunbide performatiboan eskuratutako eskarmentuan oinarrituta, eszena-munduko hainbat lan-ildo jorratu ditu. Alor horretako lanik azpimarragarrienak dira, besteak beste, 15/3 quince piezas en tres actos («Hamabost pieza hiru ekitalditan») antzezlanaren zuzendaritza, 2011n Bartzelonako Centre Sant Andreun aurkeztutako proiektu eszeniko-kuratoriala, bai eta KS aktore-zuzendaritzako proiektu esperimentala, eta bertatik abiatuta jorratu den izen bereko film-proiektua (Koldo Olabarrirekin eta Sara Barroetarekin).

Berrikitan, Hurtadok RTVEren hirurogeigarren urteurreneko ospakizunetarako ikus-entzunezkoak prestatzeko eta korporazioak ARCO2016an jarriko zuen standa diseinatzeko enkargua jaso zuen. Getxoarte jardunbide garaikideen programaren zuzendaria da. Sorkuntza gazte garaikideari zuzendutako espazioa da eta, aldi berean, prestakuntzarako eremua ere bai. Helburu bikoitza du: batetik publiko zabalarekin bitartekotza-lana egitea eta, bestetik, Euskadiko arte garaikiderako testuinguru bat eraikitzea.

Gaur egun doktorego-tesia bukatzen eta beraren lehen poesia-liburuaren eta umeentzako ipuin irudidun baten argitalpena prestatzen ari da. Waterpolo baseko entrenatzailea da.

Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.