Historia Garaikidea Saila, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Sarriena auzoa z/g, 48940 Leioa, Espainia.

Helbide elektronikoa: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikidea Saileko irakasle titularra. EHUko «Gizarte Modernoaren esperientzia Espainian» deituriko ikerketa-taldea zuzentzen du.

Laneko ibilbide osoan, historiaren berrikuntza teorikoa eta metodologikoa landu ditu, historia gizartea eraldatzeko tresna eraginkorra bihurrarazteko ahaleginean. Horren ondorioa da, hain zuzen, marxismo estrukturalistaren gogoeta kritiko goiztiarra eta, horren ondoren, hizkuntzarako bira. Horri esker, gainera, genero-ikuspegia barneratu eta emozioen historiarantz bideratu zen.

Freireren lehen lanak Bigarren Errepublikari buruzkoak izan dira, eta gizarte- eta giza zientzietako «hizkuntza-bira» deiturikoaren eragina jaso duen metodologia (garai hartan berritzailea) erabiltzeagatik nabarmendu dira. Ikerketa horien helburua: Errepublikak bere zaleen artean sorrarazi zituen igurikimen eta frustrazioetan oinarrituta eta, aldi berean, kontrakoen artean sorrarazi zuen arbuioan oinarrituta azaltzea dinamika politiko errepublikarra. Baina bi fenomeno horiek garai hartako kultura politikoekin lotzen ditu, guztiak ere ardatz beraren inguruan hizketan: zibilizazioaren eta naturaren arteko aurkakotasunaren inguruan. Ondorioa, zera: aurrez aurreko horretan ezkerreko kultura politikoa nagusi ateratzen zela, beraren diskurtsoa hobeki egokitzen zitzaiolako aurrerabidea modernitatearen ezaugarria delako ideiari.

Ondorengo lanek historiografiaren berrikuntza teorikoaren ildo berorri jarraitu diote, «historia post-soziala» esan zaionaren baitan, baina diskurtso-paradigma hori gorputzaren, emozioaren eta esperientziaren kontzeptuetan oinarritutako kritikaren pean jarriz, eta genero-ikuspegiarekin aberastuz. Horri esker azaldu ahal izan da zergatik bihurtu ziren joan den mendeko hogeiko hamarkadako lehen urteetan gizarte-ordena birkonpontzeko politikak emakumeen gorputza berrantolatzeko ahalegin. Eta zergatik dauden eskuin katolikoaren ekimenak diktaduraren ekimenen alboan. Izan ere, Elizaren ustez, ohituren erreformak portaera publikoa ez ezik (horixe baitzen diktaduraren asmoa), bizitza pribatu osoa ere hartu behar zuen. Are gehiago, horixe zen Elizaren jarduera-esparru nagusia. Horrexegatik bereganatu zuen protagonismoa, hain zuzen, moralitatearen aurkakotzat jotzen zituen emakumeen moden eta portaeren kontrako borrokan.

Bultzada teoriko horren beraren pean hasi ziren lehen euskal nazionalismoaren dekonstruziotzat jo daitekeena lantzen. Ideia gidaria: nazionalismoaren eraikuntza nazio-emozioak bildu eta sortzen zituen gorputz baten eraikuntza izan zela. Modernizazioak bultzatuta euskal identitateari buruzko zalantza indartsuak sortutako testuinguruan ekoitzi zen, hain zuzen, euskal gorputz hori. Idealizazio hori erabili zuen Sabino Aranak euskaldunek etorkinen gaineko nagusitasun morala zutela erabakitzeko, eta euskaldunak etorkinekiko babesteko politikatzat eraikitzeko bere nazionalismoa.

Beste lan multzo batek emozioen historiaren ikuspegian oinarrituta aztertzen du modernitatea. Eta beraien ondorioa zera da: gizakiek modernitateaz duten esperientzia malenkoniatsua dela. Horren eredua da, adibidez, 1876tik aurrera Bilbo tradizionala desagertu zenean Unamunok izan zituen erreakzioen azterketa. Alabaina, ez dute azterketa kasu jakin batera mugatzen: Unamunoren esperientzia modernotasunaren esperientzia barrokoaren adierazpidetzat proposatzen da: gizakien aldetik malenkoniak ezaugarritzen du eta munduaren aldetik, berriz, desilusioak.

Azken argitalpenek maskulinotasunak bizi izandako aldaketak lantzen dituzte eta, genero-ikuspegian oinarrituta, gizarte modernoaren esperientziaren azterketa osatzen dute. Horri heltzeko, oinarritze teorikoko aldi bereko ahalegina burutu behar izan da, modernitatearen eta modernizazioaren kontzeptuak galdera bakar baten inguruan biltzeko, emozioei eta generoari lotutako historiaren hurbilpena berresten den bitartean.

https://dialnet.unirioja.es/servlet/autor?codigo=145540
https://ehu.academia.edu/JoseJavierDiazFreire
http://orcid.org/0000-0002-4302-7233