Mercedes Arbaiza (Bilbo, 1963) Historian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (1994). Unibertsitate bereko Historia Garaikideko Sailean ikertzaile gisa egin zuen Doktorego-aurreko trebakuntza eta, doktoregoa eskuratu ondoren, berriz, Pompeu Fabra unibertsitatean (1995-1996), Ekonomia eta Finantzako Sailean. EHUko Historia Garaikideko Saileko irakasle titularra da 1997ko otsailaz geroztik.

«Gizartearen eta Lan-harremanen Historia» irakasgaia koordinatu eta ematen du, EHUko Lan-harreman eta Gizarte-langintza Fakultateko Lan-harremanen graduan. Gizarte modernoen eraikuntzari buruzko irakasgaiak ematen ditu, genero-ikuspegian oinarrituta, Euskal Herriko Unibertsitatearen zenbait masterretan:

  • Garaiko Historia Unibertsitate-arteko Masterra: «Generoaren ekarpena gizarte-eraikuntzan».
  • Ikerketa Feministak eta Generoak Unibertsitate Masterra: «Feminismoa, Subjektua, Modernitatea».
  • Giza Baliabideen eta Enpleguaren Kudeaketa Unibertsitate Masterra: «Genero Politikak eta Enplegua».

1990 eta 2000 bitartean Manuel González Portillak zuzendutako ikerketa-taldeko kidea izan zen, eta Demografia Historikoa eta Historia Soziala eta Ekonomia aztertu zituen bertan. Bere doktorego-tesian Euskal Herriko modernitatea berrikusten ahalegindu zen, esparru pribatuko gizarte-aldaketetan oinarrituta (XVI.-XX. mendeak). Historiaren diziplina demokratizatzeko asmoz, jardunbide demografikoetan eta familia-erreproduzitzeko moduetan oinarritu zen euskal modernitatea aztertzeko, oso paradogikoa eta inolaz ere lineala ez den prozesu baten adierazpide egokiak direlakoan.

2001az geroztik, «Esperientzia Modernoa» EHUko Ikerketa Talde Finkatuko kidea da. Beraren ikerketaren muina zera izan da: kultur esparruaren zentralitatea giza identitatearen eta ekintzaren esanahiaren sortzaile gisa. Lehenetsitako gaiak, berriz: generoa eta lan-ekonomia; generoa eta lan-kultura eta klase-identitatea. Azken lan epistemologikoetan burutu du ikerketa-ildo hori, ekonomia politikoen kategorien dekonstrukzioa eginda.

Hirugarren fasean, 2013tik aurrera, emozioek subjektu politikoen eta gizarte-antagonismoaren sorreran betetzen duten eginkizuna aztertzera bideratu zen. Gaur egungo lanean, modernitatearen emozioen, subjektibitateen eta kultura politikoen esparruak jorratzen ditu.

Eider Diosen doktorego-tesia zuzendu du, Miren Llonarekin batera: Sirviente, empleada, trabajadora del hogar. Género, clase e identidad en el franquismo y la transición a través del servicio doméstico («Zerbitzaria, enplegatua, etxeko langilea. Generoa, klasea eta identitatea frankismo-aldian eta trantsizioan, etxeko zerbitzuaren ikuspuntutik»). Doktorego-tesi horrek Victoria Kent saria eskuratu zuen 2016an.

2008az geroztik Ramon Rubial Fundazioaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena zuzentzen du, Euskal Herriko mugimendu sozialistaren kulturaren historiari eta memoriari lotutako azterketak eta ikerketak bultzatzeko asmoz. Hitzarmen horren esparruan sortu da, hain zuzen, Euskal Sozialismoaren Dokumentazio Zentroa (www.ramonrubial.net).

Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen-zerbitzuak editatzen duen «Historia Garaikidea» bildumako Aholkularitza Taldeko kidea da, bai eta Historia Contemporanea aldizkariko erredakzio-kontseiluko kidea ere.

https://ehu.academia.edu/MercedesArbaiza
https://www.researchgate.net/profile/Mercedes_Arbaiza/contributions

Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.